Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ea

(Akkadieraz, Ea; Sumeriako hizkuntzaz, Enki). Uraren jainkoa. Mesopotamian, hiru jainko nagusietako bat da, Anurekin (Sumeriako An) eta Belekin (Sumeriako Enlil) batera. Hasieran Eridu hiriko jainkoa besterik ez zen, baina jainko nagusi bihurtu zen gero, Apsuko Jauna, lurpeko uren jauna alegia. Ea errituzko garbiketaren jainkoa zen; hala, errituzko garbiketa ura «Earen ura» deitzen zen. Sorginkeria eta aztikeria gobernatzen zituen. Kontakizun batzuetan gauzei tankera ematen zien jainkoa ere bazen, eta, horregatik, eskulangileen eta artisten patroia zen. Erregearen aholkulari papera zuen, jakintsua baitzen, baina ez indartsua. Esanahi handia du halaber akkadiarren kulturan; Babiloniako jainko nazionala zen, Marduk-en aitaren aita gisa.