Ea
Bizkaiko iparraldeko udalerria eta portua, Kantauri itsasoaren ertzean (Busturialdea eskualdea). Mugak: iparraldean Kantauri itsasoa, hegoaldean Ereño eta Ispaster, ekialdean Kantauri itsasoa eta Ispaster, mendebalean Ibarrangelua eta Ereño. 14,02 km2 eta 822 biztanle (earrak). Auzoak: Bedarona, Natxitua eta Ea (herriburua). Bertan itsasoratzen den Argin ibai txikiak zeharkatzen du herria, Goikoetxe bere adarrarekin batean. Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 693 euskaldun, 43 ia euskaldun eta 65 erdaldun. v Ekonomia. Eako langile gehienak bertako papergintzan ari dira lanean (% 35). Baserritik bizi da langileriaren % 24 (esnea eta haragitarako behi azienda nagusiki). Turismoak ere garrantzi handia du, Bizkaia barnekoak batez ere. Ea, bestalde, Gernika eta Bilboko merkataritza esparruaren barnean dago. v Artea. Aipagarriak dira Eako San Joan Bataiatzailearen eliza (XVI. m.), Natxituako Kontsolazioko parrokia (XV. m.) eta Bedaronako San Pedroko eliza (XVI. m.). v Historia. Bedarona, Ereño eta Natxituako arrantzaleek sortu zuten Ea XVI. mendean.