Dumas, Jean Baptiste
Frantses kimikaria eta politikaria (Alès, 1800 - Cannes, 1884). Bere garaiko kimikaririk ospetsuena izan zen; kimikaren atal guztiak landu zituen denbora gutxian. 1823an Thenard-en laborategian sartu eta Traité de chimie lana idazten hasi zen. Amidei, eterrei eta alkoholei buruzko azterketak egin zituen eta airearen, uraren eta karbonoa erretzean askatzen duen gasaren osagaiak eta zein proportziotan konbinatuak zeuden aurkitu zituen. Kimika organikoaren sortzaileetako bat izan zen. Bere izena daraman sistemari esker gai organikoen nitrogeno kopurua zehatz daiteke. Kimika organikoko irakasle egon zen Medikuntza eskolan eta laborategiko ikasketa praktikoak eman zituen lehenengo irakaslea izan zen Frantzian. Zenbait lan argitaratu zituen zientzia aldizkarietan. 1850. urtetik aurrera politikan hasi zen. Parisko alkate eta Frantziako Errepublikako ministro izan zen.