druso
iz. Sirian, Libanon eta Israelen bizi den herri arabiarra. 250.000 drusoetatik gehienak Libanon (Libano mendebala eta Antilibano) eta Jabal Drusoa deitu mendialdean (Hego Siria) bizi dira. v Jatorriz, mugimendu ismailiar xiitatik bereiziriko talde bateko kideak ziren drusoak. Bi misiolarik sortu zuten sekta: Muhammad ibn Ismael al-Darazi (druso duruz hitz arabiarretik dator eta duruz, darazi horren plurala da, daraziarrak beraz) eta Hamza ibn’Ali ibn Ahmad. Dotrina horretako oinarriak mesianismotik, gnostizismotik eta neoplatonismotik hartu zituzten. Drusoek jainkoa gizon egitean eta metenpsikosian (arima bera gorputz desberdinetan bizi daitekeela dioen dotrina) sinesten dute. Drusoen arabera, siniste islamiarrak beren mendeko sunnitei ezarri nahi izan zien al-Hakim bi Amr-Allah kalifa fatimia izan zen azken jainkozko gizona edo maqam. Musulman ortodoxoek Egiptotik egotzirik, Siriara jo zuten (1017. urtea, drusoen aroaren hasiera). Hego Sirian egokitu ziren, Hawran mendietan (geroko Jabal Drusoa) XIX. mendetik aurrera. Zapalkuntza gogorra pairatu behar izan bazuten ere, bizirik iraun zuten Taqiyah («ezkutatzea») hastapenari esker. Honen arabera, drusoek ez dute aitortu behar beren sinestea giro arrotzean edo etsai giroan daudenean. Drusoen artean, jakintsuek (Uqqal) baizik ezin dituzte liburu sakratuak erabili. v Historian zehar drusoak gurutzatu kristauen, turko otomandarren (XVII. mendean menderatu zituzten otomandarrek), kristau maroniten (1860. urtean triskantza handiak egin zituzten drusoek maroniten artean) eta frantsesen aurka (1925-1926) borrokatu ziren. Sirian nolabaiteko autonomia dute eta ordezkari bereziak aukeratzen dituzte parlamenturako. 1975. urtetik aurrera, drusoek parte hartzen hasi ziren Libanoko gerra zibilean, Alderdi sozialista aurrerazalea zutela buru. Hasieran kristau maroniten nagusitasun politikoaren aurka borrokatu ziren eta, beraz, palestinatarren alde. 1983. urtetik aurrera, Siriaren laguntza zuten drusoak palestinarren aurka jarri ziren eta maronitak egotzi zituzten Xuf-eko mendietatik, gudu odoltsu bortitzen ondoren. 1984. urtean, Jumblatt-en milizia drusoak eta xiitak Beiruten sartu ziren, nazioarteko gudarosteek alde egin ondoren. Libanoko bakerako hitzarmenean parte hartu zuten eta arabiarren eta kristauen arteko koalizio gobernuko kide bihurtu ziren. 1982. urtean 200.000 druso bizi ziren Libanon.