Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

doping

iz. Farm. Emaitzak gai kimikoak hartuaz era artifizialean hobetzeko helburua duen prozedura, batez ere kiroletan erabiltzen dena. Doping modutzat hartzen dira, halaber, nerbio sistemaren oreka lortzeko lasaigarriak hartzea edo azterketa bat prestatzeko bizigarriak hartzea. Hala ere, dopinga lehiaketa mailako kirolaren munduari dagokio batez ere. Alor horretan hainbat arau eta ekimen daude. Dopinga zigortu egiten da bi arrazoirengatik: batetik, gai kimikoak neurriz gain hartzeak ezagutzen ez diren ondorioak izan ditzakeelako luzera, bai alderdi fisikoan bai psikologikoan, eta kirolarien osasunean ondorio larriak izan ditzakeelako; eta bestetik, emaitzak era artifizialean hobetzea ez datorrelako bat kirolarien etikarekin. 1960ko hamarraldiaren erdialdean kirolariak eta politikoak ohartu ziren garrantzi handikoa zela dopingaren kontra lan egitea. 1967an Frantziako itzulian Tom Simpson britainiar txirrindularia hil egin zen Ventoux mendira igotzen ari zela anfetaminak hartzeak eragindako kolapso baten ondorioz. 1970-1980 hamarraldietan Alemania Demokratikoko igerilariak munduko txapelketetako eta Olinpiar Jokoetako ia titulu guztiak irabazi zituzten. Gaur egun, frogatu da beren ahalmenak anabolizanteek eraginak zirela. 1994an, txinatarrak nagusi izan ziren igeriketan munduko txapelketen barruan; handik zenbait astera, Asiako jokoetan, haietako asko lehiaketatik kanpo utzi zituzten dopatzen zirelako salaketapean. 1988an Seulko Olinpiar Jokoetan, Ben Johnson kanadarrak munduko errekorra lortu zuen 100 metrotan. Handik bi egunera lehiaketatik kanporatu egin zuten, analisietan esteroide anabolizanteak aurkitu baitzitzaizkion. 1993an halterofiliako munduko federazioak pisu kategoria guztiak aldatu zituen eta ordu arteko munduko errekor guztiak ezeztatu zituen, arriskuan baitzegoen Olinpiar Jokoetako programetatik kanpo gelditzea doping arazoengatik. Hala ere, 1995ean hirurogeita lau halterofiliako kirolari lehiaketetatik kanpo gelditu ziren dopinga zela eta. ■ Baina, kirolariak berak al dira benetako arduradun? Alemania Demokratikoko igerilariak, esaterako, haurtzarotik bertatik manipulatu zituzten. Ben Johnsonek dopinga txapeldun izateko eta miseriatik ihes egiteko bide bezala hartu zuela adierazi zuen. Zein gai debekatu Nazioarteko Olinpiar Batzordeak erabakitzen du, eta herrialdeetako eta nazioarteko federazio guztiek onartzen dute hark erabakitakoa. Labur azalduta zortzi kategoria bereizten dira: anfetaminak eta beste bizkorgarriak; minaren kontrako estupefazienteak; kortisona eta beste kortikoide batzuk; testosterona eta beste anabolizanteak; hormona peptidikoak; diuretikoak eta gai ezkutuak; betablokeagarriak; tokian tokiko anestesikoak. ■ Dopingaren kontrako borroka Nazioarteko Olinpiar Batzordeak koordinatzen du. Bertako kode medikuaren helburua da dopinga kiroletik desagertzea. Herrialdeetako federazioen zeregina da kontrolak egitea eta zigorrak jartzea. Kontrol horiek lehiaketaren unean egiten dira. Baina berdin-berdin egin daitezke edozein urte sasoitan, kirolarien entrenamendu aldietan. Zigorrak ez dira kirolaren arabera bateratu. Dopatze larria (esteroide anabolizanteak, anfetaminak, narkotikoak hartzea emaitzak hobetzeko helburuarekin) eta dopatze arina (helburu terapeutikoekin hartzea gai bat, gai horrek legez kanpoko osagai kimiko dituela jakin gabe) bereizten dira. Laborategiek ehun mila kontrol egiten dituzte urteko.