dinamika
iz. Mekanikaren adarra, higidurak, sortzen dituzten eragileen ikuspegitik, aztertzen dituena. Fis. Gorputzak mugiarazten dituzten eragile fisikoen (masa, indarra, momentua eta energia) ikuspegitik gorputzaren mugimendua aztertzen duen fisikaren adarra eta mekanikaren alorra. Bi adar nagusitan banatzen da: zinematika, alde batetik, gorputzen mugimendua eragileak kontuan hartu gabe aztertzen duena, kokaeraren, lastertasunaren eta azelerazioaren ikuspuntutik, hain zuzen. Eta zinetika bestetik, masa duten gorputzetan indarrek eta biratze pareek duten eragina aztertzen duena. Dinamikaren oinarriak Galileo Galileik jarri zituen XVI. mendearen hasieran; hark, izan ere, pilota batek aldapa batean zuen mugimendua aztertuz, gorputzen erorketaren legeak atera baitzituen; berak eman zuen aditzera lehenbiziko aldiz, halaber, indarrak eragiten dituela gorputz baten lastertasunak izaten dituen aldakuntzak. Horren formulazioa Isaac Newtonek eman zuen XVII. mendean (mugimenduaren bigarren legean). Lege horren arabera, gorputz baten gainean egiten den indarra gorputz horren masa bider gorputzak hartzen duen azelerazioa da.