Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

dietil

iz. Kim. Molekula organiko bat bi etilo erroz osatuta dagoela adierazteko erabiltzen den izena. v Dietil karbonatoa. Azido karbonikoaren eta etanolaren esterra [CO3–(CH2–CH3)2]. Isurkari koloregabea da; uretan urgaitza da baina alkoholetan eta zetonetan erraz urtzen da. Pisu espezifikoa 0,975 g/cm3 du; 43° C-an urtzen da eta 126° C-an irakiten du. Disolbatzaile gisa eta gai kimikoak sintetizatzeko eta egiteko erabiltzen da. v Dietil sulfatoa. Azido sulfurikoaren eta etanolaren esterra [SO4–(CH2–CH3)2]. Isurkari koloregabea da. Nekez disolbatzen da uretan eta erraz alkoholetan eta eterrean. Pisu espezifikoa, 1,1803 g/cm3 du; -24° C-an urtzen da eta 208° C-an irakiten du. Sintesi organikoak egiteko erabiltzen da. v Dietilen glikola. Eter dihidroxidietilikoa (CH2OH–CH2–O–CH2-CH2OH). Bi erro hidroxietilo azaltzen dira eta horren ondorioz, molekularen buru bakoitzean alkohol funtzio bat duen eter organiko alifatikoa da. Isurkari koloregabea da eta airean dagoen ur lurruna bereganatu eta gordetzen du. Uretan, alkoholetan eta azetonan urtzen da eta ezin da urtu bentzenoan eta karbono tetrakloruroan. Pisu espezifikoa, 1,1184 g/cm3 du; -8° C-an urtzen da eta 245° C-an irakiten du. Disolbatzaile gisa eta izotza urtzeko erabiltzen da batez ere.