Dewavrin, André
Frantses ofiziala (Paris, 1911 - Paris, 1998). Eskola politeknikoko ikasle izan zen, eta ingeniari taldeko kapitain. 1940an Norvegian frantsesek eta britainiarrek izan zuten esku-hartzean parte hartu zuen. Urte horretan bertan de Gaulle jeneralaren aginduetara jarri zen, “Passy” ezizenarekin. Frantzia okupatuko informazio zerbitzuko buru izan zen, britainiar Intelligence Service (IS) zerbitzuarekin elkarlanean. Ikerketa zerbitzu bat sortu zuen, 1942an informazio eta ekintza bulego nagusi bihurtu zena (BCRA). BCRAren bidez, de Gaulle jeneralak Erresistentziaren ekintzak koordinatu zituen Frantzian. 1943an, BCRAk Zerbitzu berezien zuzendaritza batzordea (DGSS) osatu zuen Aljerian, Jacques Soustelle buru eta Passy laguntzaile tekniko zirela. 1944an Passy Londresa itzuli zen eta han Koenig jeneralaren estatu nagusiko buru izendatu zuten. Urte horretan bertan, zerbitzu berezitako buru bihurtu zen Ikasketa eta ikerketa zuzendaritza orokorrean (DGER). 1946an utzi zituen bere karguak.