Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Destur

edo Dastur. Tunisiako alderdi politikoa. Konstituzioa eta Tunisiaren independentzia aldarrikatzen zituen Th’albi xekeak sortu zuen. 1920 eta 1921eko istiluen ondoren, Th’albi-k eta beste buruzagi batzuek erbestera jo behar izan zuten. 1934an bitan banatu zen alderdia: estatu laikoaren aldeko gazte mendebalzaleek Destur Berria sortu zuten eta Tunisia islamiar eta arabiar mantentzearen aldekoek Destur Zaharra. Herrian ongi errotuta zegoenez gero, Destur Berriak hartu zuen kolonialismoaren aurkako borrokaren gidaritza. 1954. urtean legeztatua izan zen Destur Berria; Habib Bourguiba buru izendatu, eta guztiz nagusitu zen Tunisian errepublika independente bihurtu ondoren (1957). Estatu berriko alderdi politiko bakar bihurtu zen.