Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

destilazio

iz. Teknol. Destilatzea. v Isurkariaren osagai lurrunkorrak edo osagai lurrunkor horietako gai jakin bat gainerakoetatik bereizteko egiten da destilazioa. Isurkarian nahasirik dauden gai guztiek ez dute tenperatura berean irakiten, bakoitzak bere tenperatura jakinean baizik, eta horri esker lortzen da gai guztiak bakoitza bere tenperatura jakinean lurrundu eta berriro kondentsatzea; tenperatura hotzenetatik hasi eta beroenetara jasoz egiten da destilazioa. Kondentsazioaren bidez lurrundutako gaia berriro isurkari bihurtzen da. v Egurraren destilazioa. Egur alkaterna, alkoholak, trementina esentzia, alkaterna olioa, egur ozpina eta batez ere egur ikatza lortzeko egiten den destilazioa. Gaur egun hondakin trinkoak (salmentarako ikatza adibidez) lortzeko besterik ez da erabiltzen. v Petrolioaren destilazioa. Findegietan egiten den petrolioaren destilazio zatikatua; petrolioa fintzeko prozeduretako bat da. Hainbat gai lortzen dira petrolioaren destilaziotik: nafta eta bentzenoa, gas naturalak eta findegietarakoak, kerosenoa, fuel-olioa, etab. Hiru sistema nagusi erabiltzen dira petrolioaren destilazioan: 1) Petrolioa lurrundu eta kondentsazio dorreetatik igarotzen da; kondentsazio dorre bakoitzera iristen den petrolioaren osagaien artean, irakite puntu gorena duen gaia lurruntzen da. 2) Petrolioa destilazio dorre batzuetatik igarotzen da isurkari egoeran. Dorre bakoitzera iristen den isurkariaren osagai lurrunkorrena destilatzen da. 3) Petrolioa destilazio dorreetatik igarotzen da; dorre bakoitzean azpidestilazio bat egiten zaio, azpimultzoetan banatzeko, harik eta gai gehiago bereizi ezin den arte, eta orduan azken dorrean destilatzen dira gai guztiak. Sistema horiez gainera, beste hainbat teknika ere erabiltzen dira: presioaren bidezkoa, disolbatzaileen bidezkoa, ur lurrunaren bidezkoa, etab.