Der Blaue Reiter
(Eusk. Zaldun urdina). Wassily Kandinsky-k bultzaturik, 1910. urtean Munich-en sortu zen arte higikundea. Talde horretara Franz Marc eta August Macke alemaniar margolariak eta Alfred Kubin austriar marrazkilariak bildu ziren, besteak beste. 1911. urtean almanake bat argitaratu zuten eta, urte hartan bertan eta ondokoan, garai hartako abangoardia margolari nagusien obren erakustaldiak egin zituzten (Rousseau, Delaunay, Schonberg, fauvistak, kubistak, Malevitx, Larionov, Arp, Klee…). Erakunde eta programa zehatzik ez zuen, eta ez zuen inolako dogmatismo formalik erakutsi; iraganeko tradizioarekiko haustura oinarritzat harturik, irudikapen errealistaren mugatik harantz jo behar duela artistak aldarrikatzen zuten, «barne beharrei» leku egin behar zaiela, errealitateari benetan atxikitzeko.