Depestre, René
Haitiar idazlea (Jacmel, 1926). Haitiko diktaduraren aurka eta Negritud kultura taldeko kide gisa gailendu zen. Oso gazterik hasi zen idazten, eta hogei urte bete zituenerako argitaratuak zituen bi liburu, ospe handia eman ziotenak: Distirak (1945) eta Odola (1946). Zenbait lagunekin batera, abangoardiazko arte aldizkari bat argitaratu zuen, Ruche, 1945ean. Aldizkariak ale berezi bat eskaini zion André Bretonek New Yorkeko erbestera itzuli aurretik Port-au-Princen egin zuen hitzaldi sailari. Hitzaldi haiek izugarrizko arrakasta izan zuten Haitiko artista gazteen artean; artistok, Aimé Césaireren gidaritzapean, berehela heldu zioten mugimendu surrealistari. Diktadurak zentsuratu egin zuen aldizkariaren ale hura eta Deprestre kartzelatua izan zen. Espetxeratze hark istilu larriak eragin zituen Haitiko hirian, eta gudarostea kalera irten zen protesta zapaltzera. Horren ondoren Depestre erbesteratua izan zen. Harrezkero Frantzian bizi izan zen, eta Césaire, Damas eta Senghorrek Parisen sortu zuten Negritud kultura higikundeko kide egin zen. Frantzian argitaratu zuen bere hurrengo obra guztia: Argitasun landaredia (1951), Zabaletara itzulia (1952), Mea beltza (1957). Habanara joan zen gero; Kuban eskolak eman zituen hogei urtez. Urte haietako lan nagusiak Itsas animalia baten egunerokoa (1964), Ostadar bat mendebalde kristauarentzat (1966), eta Kantata Urriari (1968) dira, azkeneko hori Che Guevara hil berriari eskainia. Urte haietan, gainera, narratiba landu zuen adibidez Hadriana nire amets guztietan obran, zeinarekin jaso baitzuen 1988ko Renaudot saria. Bere saiakeretan, bestalde, Negritud kultura taldearen ideiak azaldu zituen: Egun on eta agur belztasunari, Nortasun lanak (1989).