delitu
iz. Zuz. Lege haustea, hutsa, okerra. || Legeak gogorki zigortzen duen borondatezko ekintza. v Delitu ahalegina. Delitu bat egiteko ahalegina, egiten hasia, baina errudunak hala nahi gabe, beste zerbaitek eragotzia. v Delitu jarraitua. Egileak ekintza bat baino gehiagoren bidez betetzen duena, baina delitu bakartzat hartzen dena. ■ Delitu ekologikoa. Zuz. Ingurumenaren aurkako edozein eraso, pertsona fisiko edo juridikoek, egitez edo ez egitez, burutua. Delitu ekologikotzat hartzen dira, adibidez, lurralde antolamenduaren aurkako delitua, legez kontrako zabortegiak jartzea, babestutako ingurune naturalen aurkako erasoak, izaki moten legez kontrako trafikoa eta funtzionarioek legez kontrako baimenak ematea edota arau-hausteak isiltzea. Espainiako kode penalean,1983an kutsadura delitu bat sartu zuten, eta 1995ean gehitu zituzten ingurumenaren aurkako beste zenbait delitu. ■ Askatasun sexualaren kontrako delitua. Zuz. Norberak bere sexualitateaz libre xedatzeko duen eskubidearen aurka egiten diren ekintzak, legez zehaztuak. Hauen artean, bortxaketak, sexu erasoak, adin txikikoen kontrako erasoak eta bahiketa ageri dira. Legeak askatasun sexuala babesten du, baina horrek ere baditu bere mugak: besteren askatasun sexualarekiko errespetua; zenbait pertsonak, heldutasunik ezaren edo adimen ezgaitasunaren ondorioz, bere jokaera sexulak gobernatzeko edo erabakiak hartzeko autonomia edo ezaguerarik ez edukitzea; eta askatasunaren edo berdintasunaren aurkakoak ez izan arren, gizarteak gaitzesten dituen zenbait jokaera, besteak beste, prostituzioa sustatzea edo esplotatzea.