DeLillo, Don
Estatubatuar eleberrigilea (New York, 1936). Fordhameko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Idazle gisa Amerikarra (1971) liburuarekin egin zuen debuta; bidaia bitxi baten kontakizuna da, John Dos Passos edo Jack Kerouac bezalako idazleen eragin sakona agerian uzten duena. Gainera, bere obra osoan aztertu zuen gai nagusia ere agertzen da bertan: gizabanakoen psikologia sarri gaixoaren mundu bitxiaren azterketa, alegia. Hurrengo eleberrian, Azken eremua (1972), amerikar futbol joko basatiaren eta jokalariek erabiltzen duten hizkera barrokoaren arteko aldeak erakutsi zituen. Hirugarren eleberrian, Great Jone Street (1973), aurrekoaren teknika bera baliatu zuen rock kantari baten enpresa alorreko asmoak eta bere zorigaiztoko karreraren errealitate gordina aurrez aurre jartzeko. Hondoko zarata (1985) eleberrian, berriz, ingurumenaren hondamendiak familia batean eragindako ondorioak aztertu zituen. DeLillo ospe handiko idazlea da Estatu Batuetan, oso ezaguna, era askotako gaiak erabiltzeagatik, batetik, eta oso idazkera atsegina izateagatik, bestetik. Beste zenbait lan aipagarri: Mao II (1991), Libra (1988). Azken liburu horretan Lee Harvey Oswalden erretratua egiten du.