Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Delibes, Miguel

Espainiar idazlea (Valladolid, 1920). Valladolid-ko unibertsitateko Zuzenbide doktore da, eta katedraduna hiri bereko merkataritza eskolan. Haren obrak ironia eta goxotasuna nahasten diren kronika herrikoiak dira gehienetan, gaztelania aberatsez idatziak. Hiru garai bereiz daitezke Delibesen eleberrigintzan: lehenengoan La sombra del ciprés es alargada (1947, Alzifrearen itzala luzea da, Nadal saria) eta Mi idolatrado hijo Sisi (1953, Sisi nere seme kutuna) lanak eman zituen argitara, eleberri guztiz landuak eta subjektibismoz beteak. Bigarrenean El camino (1950, Bidea) eta Diario de un cazador (1955, Ehiztari baten egunerokoa) argitaratu zituen, obra arinak eta herrikoiak. La hoja roja (1962, Orri gorria) giza sakontasun handikoa, eta Las ratas (1963, Arratoiak) idatzi zituen ondoren. Kontakizun laburrak ere landu ditu maisuaren lumaz, esaterako, Viejas historias de Castilla la Vieja liburuan (1964, Kastilla zaharreko ipuin zaharrak, Patxi Apalategik itzulia). Bertan, eskualde horretako pertsonaiak ageri dira beren istorioak kontatzen. Delibesek arreta berezia jarri izan dio beti ahozko hizkerari. Bestalde, antzerkira ere eraman duten Cinco horas con Mario eleberria (1967, Bost ordu Mariorekin), izan da Delibesen lan ospetsuenetako bat. Beste eleberri zenbait: El príncipe destronado (1973, Tronurik gabeko printzea), Las guerras de nuestros antepasados (1974, Geure arbasoen gerrak), Los santos inocentes (1981, hiru urte geroago Mario Camusek zinemarako egokituriko obra, Santu errugabeak), La partida ipuinak (1981), etab.