Debabarrena
Gipuzkoako ipar-mendebaleko eskualdea. Deba, Mutriku, Mendaro, Elgoibar, Eibar eta Soraluze udalerriek osatzen dute. 182,4 km2. 56.088 biztanle. Mugak: Zumaia, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia, ekialdean; Bergara eta Elgeta, hegoaldean; Ermua, Ondarroa, Berriatua, Markina-Xemein, Etxebarria, Berriz eta Zaldibar, mendebalean eta Kantauri itsasoa iparraldean. Bizkaiko Ermua herria oso lotuta dago egun Eibarko herriari. v Orografia. Deba ibaiak zeharkatzen du eskualdea hegoaldetik iparraldera, bokaleraino. Ibaiaren bi aldeetara oso lurralde menditsuak daude, 500 eta 800 metro bitartekoak: Urko (Eibar), 791 m; Kalamua (Eibar), 767 m; Arno (Mendaro, Deba, Mutriku), 612 m. Deba ibaiaren behe arroko adar nagusiak Ego, Aiaerreka, Matxaria, Ardantza eta Amaña dira. Soraluze, Eibar, Elgoibar eta Mendaro Deba ibaiaren ertzean daude; Deba ibaiaren bokalearen eskuinaldean eta Mutriku Kantauri Itsasoko kostaldeko barne batean. v Klima. Tenperatura epela izaten da, urtean zehar gorabehera handirik ez duela. Euria: 1.000-1.500 mm urtean. Biztanleria. Eibar, Elgoibar eta Soraluzeko biztanleria asko hazi da XX. mendean. 1900. urtean baino bost aldiz biztanle gehiago dago gaur egun Debabarrenan. Eibar da eskualdeko udalerririk jendetsuena (29.872 biztanle 1996an), baina azalera handiena, eskualdearen erdia, Debak du. v Ekonomia. Nekazaritzak ez du garrantzi handirik Debabarrenako eskualdean. Nekazaritza baserriko ustiakuntzari lotua dago, baina baserriko produkzioa asko murriztu da azkenaldi honetan. Basoek, larreek eta zelaiek hartzen dute eremuaren alderik handiena. Basoen ustiakuntza gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Ganaduarentzako bazka landareak biltzen dira batez ere (lurraren % 85); artoa, patata, barazkiak eta fruitu arbolak (Deban eta Elgoibarren batez ere). Abere hazkuntza gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da, behi azienda batez ere. Ardi aziendak ez du munta handirik. Arrantza da Mutrikuko ekonomia jarduera nagusia (legatza, hegaluzea; kontserbak). XVIII. mendean ospe handia hartu zuten Eibarren eta Soraluzen egiten ziren armek. Ohiko burdingintzatik abiatuta eta armen inguruan, mekanika industria oso garrantzitsua sortu zen Eibar, Elgoibar eta Soraluzen (makineria, erreminta, txirrindak, motozikletak, josteko makinak, torlojuak…). 1996an 2.301.000 pezetakoa izan zen biztanleko eskualdearen Barne Produktu Gordina (BPG). EAEko indize bateratzailea 100 eta Gipuzkoakoa 102 izanik, 101ean zegoen Debabarrenakoa. Industriak osatzen zuen eskualdeko balio erantsiaren zatirik handiena: 1996ko datuen arabera, sektore horrek ekartzen zuen aberastasunaren % 45,74, Gipuzkoako batez bestekoa baino 7 puntu gorago. Kopuru hori % 62ra igo zen, esaterako, Elgoibarren, eta % 37 ingurura jaitsi Mutrikun edota Mendaron. Izan ere, bi udalerri horietan zuen garrantzirik handiena lehen sektoreak. 1960-70 hamarkadetako oparoaldiaren ondoren, 80ko hamarraldian gogor jasan zuten krisialdi ekonomikoa Debabarrenako udalerriek. Horri aurre egiteko, 1985ean DEBEGESA garapen bulegoa sortu zuten eskualdea osatzen duten udalek. Orduz geroztik, onera egin du egoera ekonomikoak eta, ohiko sektoreei muzin egin gabe, teknologia berriekin eta eduki berritzaile handiko jarduerekin zerikusia duen industria hasi da garatzen. Bestalde, ahalegin bereziak egin dituzte –Izarraitz Bizirik eta antzeko ekimenen bitartez– herrigune industrializatuetatik at dituzten nekazaritza eta landa eremuak garatzeko eta ustiatzeko. Horren adibide argienetakoa Lastur auzoaren inguruan hedatu den proiektua bide da. v Hizkuntza. Euskara da nagusi Debabarrenan, nahiz eta gaztelaniak ere pisu handia izan Eibar bezalako herri erabat industrialetan. 1996an, 32.508 euskaldun, 8.300 ia euskaldun eta 15.198 erdaldun bizi ziren eskualdean. v Historia. Debabarrena karistiarren eta barduliarren arteko muga-lurraldea izan zela dirudi K.a. I. mendean. Egun ere bertan dago bizkaiera eta gipuzkeraren arteko muga. Kantaurialdeko beste lurraldeetan bezala, arrantzak eta itsas merkataritzak garrantzi handia izan zuten kostaldeko herrietan (Deba, Mutriku) eta nekazaritza, baso ustiakuntza eta burdinolak nabarmendu ziren gehienbat barnealdean. XVIII. mendetik aurrera egin ziren Eibar eta Soraluzeko armak eta damaskinatuak. XX. mende hasieratik aurrera, sozialismoak indarra hartu zuen Eibarren.
- deabruxka
- deabruzko
- Dean, James
- Death Valley
- Deauville
- Debabarrena
- Debagoiena
- Deba
- Deba
- debadio
- debalde