Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Davenport, Harold

Britainiar matematikaria (Huncoat, Lancashire, Ingalaterra, 1907- Cambridge 1969). Manchester-eko Unibertsitatean ikasi zuen matematika, beka baten laguntzaz; bere irakasleen artean Mordell eta Milne zeuden. 1927an graduatu zen; hala ere, ikasketak jarraitu zituen Cambridgeko Trinity Collegen. Cambridgen Littlewood eta Besikovitx-en hitzaldietara joateko aukera izan zuen, eta tesia lehenengoaren zuzendaritzapean egin zuen. 1932an beka bat eman zioten; honela Hasse-ri bisita bat egin zion Marburg-en eta lan garrantzitsu bat egin zuten elkarrekin. Heilbronn-ekin ere lankidetzan aritu zen urte askoan. Cambridgera itzulita, ikerlanean jarraitu zuen eta artikulu ugari idatzi zituen urte horietan. 1937an Manchester-eko Unibertsitatera joan zen irakasle laguntzaile. Mordell-en eragina izan zuen bertan; honela, zenbakien geometria eta hurbiltze diofantikoak aztertzen hasi zen. 1941ean matematika katedra lortu zuen Ipar Galesko Bangor Unibertsitatean. Londresko Unibertsitateko eta Cambridgeko matematika irakasle ere izan zen. Davenport-ek zenbaki teorian (bereziki zenbakien geometrian), hurbiltze diofantikoetan eta zenbakien teoria analitikoan egin ditu ekarpenik garrantzitsuenak. Bere lanean artean, Analytic methods for Diophantine equations and Diophantine inequalities eta Multiplicative number theory (1967) monografiak aurkitzen dira. 1940an Errege Elkarteko kide hautatu zuten, eta Sylvester domina irabazi zuen 1967an. Londresko Matematika Elkarteko mahaiburu ere izan zen (1957-59), eta Berwick saria jaso zuen 1954an elkartearen eskutik.