Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dauphiné

Frantziako antzinako lurraldea, egungo Isère, Alpe Garaiak eta Drôme departamenduak hartzen zituena. Bas-Dauphiné (Dauphiné Behea), Isère eta Rhône ibaien artean, eta Haut-Dauphiné (Dauphiné Garaia), Alpeetako mendien artean, bereizten da. Bertako hiri nagusia Grenoble zen eta gune historiko nagusia Vienne. v Historia. Berezko mugarik gabeko lurraldea izaki, zelta alobrogoak, erromatarrak, burgundiarrak (V. m.) eta frankoak (VI. m.) bizi izan ziren bertan. Proventzako eta Proventza-Burgundiako erresumaren barnean egon ondoren, Inperio Santuaren mendeko lurraldea izan zen. XI. mendean sortu zen Dauphiné izeneko jaurerria, Viennois izeneko eskualdean. XIV. mendean oso lurralde indartsua zen, ekonomia eta kultura arloan, Chartreuse eta Cîteaux-ko erlijio ordenek bultzatuta. 1349. urtean, Hunberto II.ak, ondorengorik ez zuela eta, Frantziako koroari utzi zion lurralde guztia, eta handik aurrera Frantziako erregegai guztiek Dauphin (delfin) titulua hartu zuten. Dauphiné lurraldeak autonomia mantendu zuen Luis XI.aren erreinaldira arte (1470). Italiako gerren (1494-1559) eta erlijio gerren (1562-1598) ondoren, urte oparoak izan zituen Dauphiné lurraldeak XVIII. eta XIX. mendeetan. Bertako burgesia 1789. urteko eta 1830eko mugimendu iraultzaileen alde azaldu zen.