Daumier, Honoré
Marrazkigile, litografo eta margolari frantsesa (Marseilla, 1808 - Valmondois, 1879). Oso gazte zale joan zen Parisa gurasoekin. Bere margolaritzan eragin zuzena izan zuten Rubens eta Rembrandt pintore handien obrak ezagutu zituen Louvren. 1830. urtean hasi zen karikaturak egiten eta 1872ra bitartean 4.000 litografia inguru eta zurean eginiko 1.000 grabatu egin zituen. Obra hauetan gizarte eta politikazko satirak, kaleko eszenak, burgesen ohiturei eginiko kritikak eta, oro har, ohiturazko bizitzaren kritika egin zuen. Eskultura ere landu zuen, bere litografia lanetarako eredu gisa. 1850. urtekoa da Ratapoli estatua txikia. 1848. urtetik aurrera margolaritzan aritu zen baina ez zuen 1878. urtera arte bere pintura lanak erakusteko aukera izan: Le Wagon de troisième classe (Hirugarren mailako bagoia), Les Immigrants (Etorkinak) eta Le Fardeau (Zama). Karikatura edo irrimarra egile oso ospetsua izan zen. Luis Filiperi eginiko Gargantua (1832) irrimarraren ondorioz sei hilabete eman behar izan zituen espetxean. Bere estiloan oinarritu ziren, neurri handi batean, Corot, Rousseau, Dupré, Manet eta hainbat inpresionista.