Danubio
(Lat. Danubius eta Ister; Al. Donau; Txekieraz eta Eslovakieraz, Dunaj; Serbo-kroazieraz eta Bulgarieraz, Dunav; Hungarieraz, Duna; Errus., Dunarea eta Errumanieraz, Dunaj). Europa erdialdeko eta ekialdeko ibaia. Luzeraz (2.850 km), arroak hartzen duen eremuaz (805.000 km2) eta batez besteko emariaz (6.500 m3/s.) kontinenteko bigarren ibaia da, Volgaren ondotik. Alemaniako Oihan Beltzeko mendietan jaiotako Breg eta Brigach ibai txikiek osatzen dute Donaueshingen-en Danubio ibaia. Itsaso Beltzean itsasoratzen da, Odesaren sartaldean osatzen duen delta zabal batean. Europako bederatzi estatu igarotzen ditu: Alemaniako hegoaldea, Austria, Txekoslovakia, Hungaria, Kroazia, Serbia, Errumania (muga egiten du Errumania eta Bulgariaren artean), Bulgaria eta Ukraina (amaieran muga egiten du Bulgaria eta Ukrainaren artean). Ibilguaren goi arroan (sorburutik Bratislavaraino), hiri hauek zeharkatzen ditu sartaldetik sortaldera: Tuttlingen, Sigmarimgen, Ulm, Ingolstadt, Ratisbona edo Regensburg eta Passau (Alemania); Linz, Mauthausen eta Viena (Austria); Bratislava (Eslovakia). Lech, Isar, Inn eta Alpeetan sorturiko Enns ibaien ura hartzen du eskuinaldetik; Altmühl eta Morava ibaiak ezkerraldetik. Erdialdeko arroan (Bratislavatik aurrera), hiru ubidetan banatzen da Danubio ibaia bi uharte osatuz, Txekoslovakian bata eta Hungarian bestea. Raab ibaia jasotzen du Hungariako Györ hirian. Esztergorm hiri hungariarra igaro eta gero, hegoalderantz jotzen du bihurgune itxi bat eginez eta, Hungariako Bakony eta Matra mendialdeak zeharkatu ondoren Budapest hiritik igarotzen da. Sio ibaia eskuinaldetik hartu ondoren, Kroazian Drave ibaia jaso eta Save ibaiarekin bat egiten du Belgraden. Errumania aldera abiatzen da hiri honetatik. Behe arroan, mendebaletik ekialderako norabidean hasten da, Errumania eta Bulgariaren arteko muga osatzen du eta Karpatoetan jaiotako Jiu, Olt, Siret eta Prut ibaiak hartzen ditu ezkerraldetik eta Balkan mendietan sorturiko Isker ibaia eskuinaldetik. Giurgiu (Errumania) eta Silistra (Bulgaria) hirietan barrena igaro ondoren, iparralderantz jotzen du Dobrudja lurraldean barrena eta, sartalderantz hartu ondoren, Bulgaria eta Ukrainaren arteko muga egiten du. Azkenik, hiru adarreko delta zabala (3.750 km2) osatzen du bokalean, ura Itsaso Beltzean isuri baino lehen. Arrantza ugaria da Danubio ibaiaren behe arroan. 2.583 kilometro dira ontziz ibiltzeko egokiak: Ulm-etik aurrera 250 tona bitarteko ontziak; Ratisbonatik aurrera, 1.500 tona bitartekoak eta Belgradetik aurrera 3.500 tona bitartekoak. Horrez gainera, indar etxe asko dago bere ibilguan zehar. Rhin-Main-Danubio ubideak lotzen du Rhin ibaiarekin eta Danubio-Oder ubideak Oder ibaiarekin. v Historia. Danubio ibaiak (erromatarren Danubius eta, behe arroan, Ister) Erromatar Inperioaren ekialdeko muga markatu zuen mendeetan zehar. Ondoren, herri germaniarren eta eslaviarren arteko harremanetarako bide nagusia izan zen. Danubio ibaian ontziz ibiltzeko eskubidea 1856. urtean aldarrikatu zen Parisen lehen aldiz. 1921ean, nazioarteko batzorde bat osatu zen erabaki hura betetzen zen ikertzeko. 1940. urtean deuseztatu zen batzorde hura (Vienako batzarra). Bigarren Mundu Gerraren ondoren (Belgrad, 1948), Danubio aldeko estatuen arteko batzordea antolatu zen berriz ere, baina Alemania eta Austria gabe (Austria 1960. urtean onartu zuten batzordean). Estatu Batuek, Frantziak eta Britainia Handiak ez zuten sekula batzorde hori ontzat hartu.