Dantzig, George
Estatubatuar matematikaria (Portland, Oregon, 1914 - Stanford, 2004). Maryland-eko Unibertsitatean eta Michigango Unibertsitatean egin zituen matematika ikasketak. 1937an graduatu zen. 1937-39 bitartean Estatu Batuetako Bureau of Labor Statistics-ean lanean aritu zen, eta 1941etik aurrera U.S.A.F. Headquarters Statistical Control-ean egon zen. Bitartean, doktoregoa bukatu zuen Kaliforniako Berkeley-ko Unibertsitatean (1946). 1947. urtean matematikaren munduan ospe handia eman zion ekarpena egin zuen, optimizazio metodo bat hain zuzen ere. Ideia hauek Estatu Batuetako Aireko Armadan garatu zituen, bertan aditu egin baitzen mahaiko kalkulagailuen bidez ebatzitako plangintza metodoetan (programazio izenez ezagutzen dena). Hala, programazio lineala deritzana erabiliz, Dantzig-ek plangintza prozesua mekanizatu zuen. 1952an RAND Corporation-eko matematikari ikertzaile hautatu zuten eta 1960an Berkeley-ko irakasle eta Operazio Ikerketa Zentroko buru hautatu zuten. Urte horietan Linear programming and extensions (1963, Programazio lineala eta hedadurak) liburua idatzi zuen. 1966an Standford-eko Unibertsitateko irakasle hautatu zuten. Dantzig-ek optimizazio eta operazio ikerketarekin zerikusia duten arlo asko landu zituen. Bere ikerketari esker ohore ugari jaso zituen, besteak beste Operazio Ikerketako Von Neumann Teoria saria (1975).