Dantzig
edo Danzig. Poloniako Gdansk hiriaren izen alemaniarra. ik. Gdansk. v Historia. Goi Pomerania edo Pomereliako dukerriko hiri nagusia izan zen X. mendetik aurrera. Poloniako koroaren esku geratu zen 1295ean, eta 1309. urtean Teutoien Ordenak hartu zuen bere mendean. 1350ean Hansako hiria bihurtu zen, eta 1454an, germaniarrak egotzi ondoren, Poloniako erregearen agintepeko estatu libre bilakatu zen (1466, Torun-go Bakea). Handik aurrera, Baltikoko portu nagusietakoa izan zen. Erreformaren aldera jarri eta gero (1523), Poloniako errege katolikoaren aurka jazarri zen, baina Esteban Bathory erregeak zapaldu zuen matxinada. Poloniaren bigarren banaketaren ondoren (Grodnoko hitzarmena, 1793), Dantzig Prusiako koroaren eskuetara igaro zen. Frantsesen mendean egon zen 1807-1814 bitartean eta, 1878an, Mendebaleko Prusiako hiriburu izendatu zuten. Versailles-ko hitzarmenaren ondoren (1919), Dantzig hiri aske bihurtu zen, Poloniak aduanetako abantaila batzuk mantendu zituen arren. Dantzig-ko igarobidea deitu zuten lurralde hura (Dantzig itsasoarekin lotzen zuena, alegia) Alemania eta Poloniaren arteko liskar ugariren sorburu bihurtu zen. 1933. urtean, Hitler-en aldeko naziak nagusitu ziren Dantzig-ko dietan eta arazoak areagotu ziren. 1939ko irailean, alemaniar armada Dantzig-en sartu eta Polonian barneratu zen: Bigarren Mundu Gerraren hasiera izan zen. Aire bonbardaketek (1941-1945) erabat suntsitu zuten ia eta sobietarren osteek hartu zuten 1945ean. Poloniako errepublikako hiria da 1946tik aurrera, Gdansk izenaz.