Dahrendorf, Ralf Gustav
Alemaniar soziologo, filosofo eta politikaria (Hanburgo, 1929). Filosofia eta filologia ikasketak egin zituen jaioterriko unibertsitatean eta 1952an amaitu zuen doktoregoa, Karlos Marx-i buruzko tesi batekin. Gero, soziologia ikasi zuen Londresko London School of Economics-en. Alemaniara itzulita, katedra lortu zuen Sarre-ko Unibertsitatean. Geroztik, irakasletzan aritu da Hanburgo, Tubinga eta Konstantzako unibertsitateetan. Politikagintzari dagokionez, 1968-69 bitartean, parlamentari izan zen Baden-Württemberg-eko Parlamentuan. 1968tik 74ra, FDP edo Alderdi Demokrata Liberaleko Bundesvorstand-eko kide izan zen Alemaniako Parlamentuan eta 1969-79 bitartean Estatuko Idazkari gisa lan egin zuen Kanpo Arazoetako ministerioan. 1970etik 1974ra Europar Erkidegoko (gaur Europar Batasuna) Batzordekide izan zen eta data hartatik aurrera, hamar urtez, Londresko London School of Economics zuzendu zuen. 1987tik aurrera, Oxford-eko St. Anthony College-ko zuzendari da, Erresuma Batuan. Dahrendorf, batez ere, gizarte aldaketen muinean egon ohi diren gatazka prozesuez interesatu da. Alemaniar soziologoaren arabera, gatazkak ezinbestekoak eta beharrezkoak dira gizarte garapenerako, beraz, alferrikakoa da haiek desagerrarazten saiatzea, aldiz, soluzio arrazoizkoak eta emankorrak aurkitzeko modua egin behar da. Dahrendorfek landu dituen beste teoria batzuk nagusigoarena eta gizarte rolarena izan dira, eta biak, gatazka bezalaxe, gertaera unibertsaltzat jotzen ditu. Haren argitalpenen artean aipatzekoak dira Gizarte klaseak eta beren gatazka gizarte industrialean (1959), Homo sociologicus (1959), Gizartearen teoriari buruzko saiakerak (1968) eta Askatasun berria: bizirik irautea eta justizia mundu aldakor batean.
- Daguerre, Jean
- Daguerre, Louis Jacques Mandé
- Dahl, Roald
- Dahomey
- Dahra
- Dahrendorf, Ralf Gustav
- daiak
- dailari
- dailarri
- dailu
- daimio