Chirac, Jacques René
Politikari frantsesa (Paris, 1932). Diputatua (1967), Nekazaritza ministroa (1972) eta Barne ministroa (1974) izan zen, Giscard d’Estaignek Lehen Ministro izendatu aurretik (1974-1976). Parisko alkate izan zen urte askoan (1977tik 1995era), eta lehenbiziko “bizikidetasun” aroan (eskuineko gobernua, ezkerreko presidentea) Lehen ministro izan zen (1986-1988). Bere alderdiak 1993ko hauteskunde legegileak irabazi ostean errepublikako presidente hautatu zuten 1995ean. Ezinegon sozialak, langabe kopuru handiak eta Europari buruzko desadostasunek Asanblea Nazionala sakabanatu eta hauteskundeak aurreratzera (1997) behartu zuten. Hauteskunde haiek galdu egin zituen eskuinak, eta bigarren bizikidetasun aroari (eskuineko presidentea, ezkerreko gobernua) ekin zion, Lionel Jospin Lehen ministro sozialistarekin batera. 2002ko hauteskundeetan berriro hautatu zuten presidente. Neogaullistak nagusi ziren gobernu bat osatu eta Raffarin liberala izendatu zuen Lehen ministro (2005ean Villepinek hartu zuen haren tokia), eta bertan behera gelditu zen “bizikidetasun” aroa. 2007an berriro hauteskundeetara aurkezteari uko egin zion.