Creston, Paul
(Jaiotza izena, Giuseppe Guttoveggio). Estatubatuar musikagilea (New York, 1906 - San Diego, 1985). Piano ikasketak Giuseppe Aldo Randegger eta Gaston-Marie Déthier-ekin egin zituen, eta organokoak Pietro Yon-ekin. Hala ere, Creston autodidakta izan zen musikagile gisa. 1932. urtean hasi zen musika ikasten. Organo-jotzaile gisa aritu zen zineman, zinema ahostuna hasi aurretik, eta New York-eko St. Malachy elizako organo-jotzaile izan zen 1934-1967 urteen bitartean. Guggenheim beka bati esker egin zituen bere lehen lanak. 1938an New York Music Critic´s Circle saria irabazi zuen 1. sinfonia lanagatik (1941). 1956-1960 urteen bitartean Musikagile eta Zuzendari Elkarte Nazionaleko lehendakari izan zen, eta 1960-1968 bitartean American Society of Composers, Authors and Publishers-eko zuzendari. Irakasle gisa ere aritu zen lanean: New York-eko College of Music-en (1963-1967), Central Washington State Collegen (1968-1975). Crestonen musikaren ezaugarri nagusiak bat-batekotasuna eta zentzu melodikoa dira. Baztertu egin zituen musika deskribatzaileak eta musika hutsaren bidea hartu zuen, forma klasikoen bidez landu zuena (sinfoniak, kontzertuak…). Musika tresnen arteko konbinazio bereziak egiten zituen, eta Crestonen lan horiek dira ezagunenak: Kontzertinoa marinbarako, Sonata saxofoi alturako eta pianorako, Rapsodia saxofoi eta organorako. Musika sinfonikoa da Crestonen produkzioaren oinarria: sei sinfonia, hamabost kontzertu, eta orkestrarako beste berrogei partitura ondu zituen. 3. sinfonia lanak (1950), kantu gregorianoaren oinarriak erabiltzen ditu. Ganbera musikari dagokionez, harizko tresnetarako kuarteto bat, pianorako, eta biolin eta pianorako suiteak ondu zituen. Erlijio musikan eta organorako musikan garrantzizko lana egin zuen Cartonek. Hiru liburu idatzi zituen: Principles of Rhythm (1964, Erritmoaren hastapenak), Creative Harmony (1970, Harmonia sortzailea) eta Rational Metric Notation (1979, Notazio metriko arrazionala); lan horietan, besteak beste, ohiz kanpoko erritmoen inguruko teoria bat osatu zuen.