Cray, Seymour
Estatubatuar ingeniaria, konputagailugintzaren aitzindaria (Chippewa Falls, Wisconsin, 1925 - Colorado, 1996). Betidanik egon zen elektronikarekin liluratuta. Ingeniari baten semea zen eta goi ikasketak egiten zituen bitartean, elektrizitate ingeniaritzako laborategian ematen zuen denbora gehiena. Hobby gisa, mota guztietako elektrizitate tresnekin aritzen zen: irratiak, motor elektrikoak, zirkuitu elektrikoak, etab. 1943an, goi ikasketak amaitu ordukoxe, gerrara dei egin zioten. Lehenik, Europan ibili zen, Alemanian, eta gero, Filipinetan. Etxera itzuli eta berriro ikasten hasi zen berehala. 1950ean, Elektrizitate Ingeniaritzako Zientzia Batxilergoa amaitu zuen Minnesotako Unibertsitatean, eta urtebete geroago masterra egin zuen Matematika Aplikatuetan. Crayk diseinaturiko lehen konputagailua 1103 Computer izenekoa izan zen. Denbora zen, konputagailu haien diseinuan, garrantzirik handieneko kontzeptua: lastertasuna. Atzetik zeukan enpresak konputagailu saltzen errazagoak egitea erabaki zuenean, Crayk argi zeukan berak zer egin nahi zuen: konputagailu zientifiko azkarrak diseinatzen jarraitu nahi zuen, eta hala, enpresa utzi eta Control Data Corporation enpresa abian jarri zutenetako bat izan zen. CDCn konputagailu arrakastatsuak sortu ondoren, 1972an, Cray konturatu zen eskala handiko konputagailu zientifikoen merkatua txikia gelditu zela, eta, CDC utzirik, Cray Research Inc. izeneko enpresa sortu zuen. Cray 1 izan zen lehenik atera zuen proiektua, baina Cray 2 izenekoaren diseinuak izan zuen arrakasta handiena. Cray 3 konputagailuak 500 MHz-tik gorako lastertasunean lan egin zezakeen, baina ez zen alerik ere saldu. Cray 4 izenekoa, berriz, aurrekoa baino bi bider lasterragoa zen, baina amaitu gabe geratu zen. Errepideko istripu baten ondorioz hil zen Cray.