Craxi, Bettino
Politikari italiarra (Milan, 1934 - Tunis, 2000). Italiako Alderdi Sozialistan (PSI) gazterik hasi zen militatzen, eta alderdiko batzorde zentraleko kide zen 23 urterekin. Diputatu hautatu zuten 1968an, eta PSIko presidente 1976an, alderdiak botoen % 10 ere lortzen ez zuen garaian. Alderdia berregituratu egin zuen, komunisten aurkako estrategiari ekin, eta 1983an Lehen ministro kargua eskuratu zuen. Agintera heltzean komunisten baztertze politikari eutsi zion, eta Kristau Demokraziarekin osatu zituen koalizio gobernuak. Sindikatuek gogor erantzun zioten bere politika ekonomikoari, eta greba asko egin ziren bere agintaldian. 1987an dimititu egin zuen, kristau-demokratekin izandako desadostasunengatik. 1993an utzi egin zuen PSIren gidaritza, hainbat ustelkeria kasutan nahastu baitzuten, eta Tunisiara alde egin zuen. Erbestean zegoela hamalau urteko espetxe zigorra ezarri zioten Italiako epaileek, ustelkeriagatik. 1998an indargabetu egin zuen Italiako Auzitegi Gorenak bere kontrako epai larriena. Erbestean, Tunisian, hil zen, 2000. urtean.