Crank, John
Britainiar matematikaria (Hindley, Lancashire, 1916 - 2006). Manchesterreko Unibertsitatean egin zituen ikasketak (1934-1938), eta bertan Lawrence Bragg eta Douglas Hartree izan zituen irakasle. Balistikan lan egin ondoren (gerratea zela-eta), fisikari matematikoa izan zen Courtaulds-eko Oinarrizko Ikerketarako Laborategian 1945-1957 bitartean, eta matematika irakasle izan zen Brunel Unibertsitatean 1957-1981 bitartean. Ekarpen garrantzitsuak egin zituen ekuazio partzial diferentzialen zenbakizko ebazpenean, bereziki, beroaren eroapen problemen ebazpenean. 1940ko hamarkadan kalkulu horiek idazmahai makina mekaniko bakunetarako erabili ziren. Hala ere, Crank ezagunagoa da beroaren ekuazioari buruz, Phyllis Nicolson-ekin batera egindako lanari esker. Hala, L. F. Richardson-ek 1910ean egindako ekarpenak hobetu zituzten; modu horretan, Crank eta Nicolson-ek zenbakizko metodo egonkor bat eraiki zuten, ekuazio linealen sistema erraz bat ebaztea eskatzen duena.