Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Coruña

(Galegoz, A Coruña edo A Cruña; Esp. La Coruña). Galiziako ipar-mendebaleko portua eta hiria, Coruña herrialdeko hiriburua, Ozeano Atlantikoaren ertzean (Coruñako itsasadarra). 232.356 biztanle (1981). Erromatarren garaiko itsasargia (Torre de Hercules), XII. eta XIII. mendeko elizak, XV. mendeko gotorlekuaren hondakinak. Arrantza portua. Petrolio findegia (Bens), kontserba industria, kimika industria. Metalgintza. v Historia. Dirudienez, erromatarren garaian Coruña portu garrantzitsua bazen ere, ez da VIII. mendera arte horri buruzko dokumentaziorik agertu (Farum Brigantium izenaz ageri da). IX. mendean normandiarrek eraso zioten eta 1208an hiri-gutuna eman zion Alfontso IX.a Leongo erregeak. Coruñak ez zuen luzaroan Gaztelako erregeen nagusitasuna onartu. Atlantikora zihoazen erregearen gizonen portu bihurtu zen XVI. urtean. 1588. urtean Coruñatik itsasoratu zen Espainiako Itsas Armada Garaitezina Ingalaterra aldera. XVII. mendean Ameriketarako merkataritza bideratuko zuen elkarte bat eraikitzea eskatu zuen Coruñako hiriak, baina Espainiako erregeak ez zuen horretarako baimenik eman. XIX. mendearen hasieran talde liberal indartsu bat bildu zen Coruñan.