Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Coruña

Galiziako ipar-mendebaleko probintzia, Iberiar Penintsulako ipar-mendebaldean. 7.876 km2 eta 1.093.021 biztanle (1985). Mugak: iparraldean Kantauri Itsasoa, mendebalean Ozeano Atlantikoa, ekialdean Lugo, eta hegoaldean Pontevedra. Hiriburua: Coruña. Hizkuntzak: galegoa eta gaztelera. Hiri nagusiak: Santiago Konpostelakoa, Noia, Betanzos, Carballo, Corcubion, Ferrol. Santiago Konpostelakoa Galiziako Autonomia Erkidegoko politika eta administrazio hiri nagusia da. v Orografia. Hiru lurralde bereiz daitezke Coruñako probintzian. Kostaldea malkortsua eta altuera apalekoa da. Itsasoa barneratzen da ibai bokaleetan, eta ria izeneko itsasadarrak eratzen ditu (Ferrol, Betanzos, Coruña, Corcubion, Muros, Noia eta Arosa). Barrenagoko lurraldea garaiagoa da, eta muinoak ez dira 500 m baino altuagoak (Santiagoko harmaila deitu ohi zaio). Probintziako ekialdea eta hego-ekialdea, Miño ibaiaren eskuinaldea, menditsuagoa da (500 eta 1.000 m bitarteko altuerak). Ibai ugari dago: Kantauri itsasora doazenak laburrak eta ugariak dira (Sor eta Mena); Ozeano Atlantikora doazenak luzeagoak dira, eta itsasadar zabalak osatzen dituzte (Eume, Allones, Tambre eta Ulla). Ulla ibaia da luzeena (115 km) eta Arosako itsasadarra osatzen du bokalean. v Klima. Klima ozeanikoa da, hezea eta epela. Landaretza Atlantiko aldekoa da: haritzak, eukalituak, astigarrak, ezkiak, makalak, lertxunak eta urkiak. v Ekonomia. Nekazaritza, abeltzaintza, baso ustiakuntza eta arrantza oso jarduera garrantzitsuak dira (% 32, 1982). Industria Coruña-Ferrol hirietara biltzen da nagusiki (% 28, 1982). Kontserba industria oso garatua dago. Zerbitzuek langileriaren % 40 hartzen dute: turismoak garrantzi handia du (kostaldeko hondartzak; Santiago Konpostelakoa). v Historia. Coruña Galiziako antzinako zazpi lurraldeetako txikiena zen. Egungo probintziak aurreko Betanzos eta Santiagoko probintzietako lurralde gehienak hartzen ditu, Coruñako jatorrizko lurraldeez gainera. Gaur egun ezagutzen den probintzia 1822. urtean osatu zuten lehen aldiz, eta 1833an zehaztu ziren orain arteko mugak.