Cortázar, Julio
Argentinar idazlea (Brusela, 1914 - Paris, 1984). Julio Cortázar Hego Amerikak eta literatura modernoak XX. mendean eman duen hitz lauzko idazle nagusietako bat da. Bere estiloa azken hamarkadetako kontaera joera ausartenen artean koka daiteke. Haren kontakizunek zerbait bizia, absurdua eta eragabekoa bailitzan aurkezten dute errealitatea, espazioa eta orden kronologikoa nahasian azaltzen dituzte, eta egilearen poesiarako dohai apartak nabarmentzeko bidea ematen dute. Córtazar-en lehen liburua hitz lauz idatziriko poema bat izan zen (Los Reyes, Erregeak 1949). Fantasiazko ipuin eta kontakizunak argitaratu zituen ondoren (Final de juego, Joko amaiera, 1956; Historias de cronopios y de famas, Kronopioen eta famen istorioak, 1962; La vuelta al día en ochenta mundos, Egunaren itzulia 80 munduetan, 1967; Octaedro, Oktaedroa, 1974), eta eleberri batzuk tartean: Los premios, Sariak, 1961; eleberri honetan argi eta garbi aurkeztu zuen Cortázarrek kontakizunaren egitura klasikoak berrantolatzeko irrikia. Rayuela (1963) da bide horretatik haren eleberririk hoberenetakoa; hark eman zion osperik handiena, eztabaida ugari piztu bazuen ere. 62 modelo para armar (1968) eta El libro de Manuel (Manuelen liburua, 1973) argitaratu zituen gero. 1971. urtean Pameos y meopas poema bilduma eman zuen argitara. v Garrantzi handia dute halaber Cortázar-en itzulpen lanak, E. A. Poe eta M. Yourcenar-enak bereziki. Poe gainera maisutzat zeukan Cortázar-ek; haren eragin handia du, osagarri fantastikoen erabileran nabarmentzen denez. Bestalde, lan handia egin zuen Cortázar-ek Buenos Airesko erdi mailako gizartearen hizkera literaturan erabiltzeko. v Giza eskubideen eta, bereziki, Latinoamerikako herrien askatasunaren aldeko borrokan betiere, 1976. urtean Txileko diktaduraren basakeriak salatzen zituen txostena eman zuen argitara eta 1984an Nicaragua, tan violentamente dulce idazlanen bilduma eskaini zuen, Nikaraguako iraultza sandinistaren alde.