Cornwall
(Hizkuntza zeltaz, Kernev; Bretoieraz, Kernev-Veur; Fr. Cornouailles; Esp. Cornualles). Britainia Handiko hego-mendebaleko lurraldea, Mantxako Itsasoaren ertzean. Scilly uharteak ere hartzen ditu. 3.546 km2 eta 439.000 biztanle (1984). Hiriburua: Truro. Altuera erdiko ordokiak hedatzen dira lurralde guztian (Bodmin Moor, 425 m, leku gorena). Kostaldea oso malkortsua da. Hego-mendebalean Scilly uharteak daude. Klima ozeanikoa da, euritsua eta epela. Baratze eta lorategi apartak ditu. Arrantza portu garrantzitsuak. Eztainu meatzeak ustiatu ziren XVII-XIX. mendeetan. Kaolin hobiak. Turismo lurralde garrantzitsua (monumentu zeltak). v Historia. Cornwall Kernev lurralde zeltaren izen ingelesa da. Zeltak bizi izan ziren han K.a. III. mendetik aurrera, eta galesekin eta bretainiarrekin batera herri bakarra osatzen zuten K.o. V. mendeak anglo-saxoniar germaniarrek zokoratu eta banatu zituzten arte. Kernev-ko hizkuntza, egun desagertua, kerneveg delakoa da, Galesko hizkuntzaren eta bretoieraren familia berekoa (hegoaldeko hizkuntza zelta). XVIII. mendetik aurrera areagotu zen ingeles hizkuntza eta administraritzaren erasoa, eta mende bukaeran ez zen ia hizkuntza honetako hiztunik geratzen.