Cornevin, Robert
Frantses historialaria (Malesherbes, Loiret, 1919 - 1988). 1938an Frantziako itsasoz haraindiko eskola nazionalean sartu zuen. 1939an bidaia bat egin zuen Afrikako kostaldera, eta 1941ean Senegalera joan zen. Administratzaile gisa lan egin zuen Beninen; 1939-1940 urteen bitartean gudarostean aritu zen eta baita 1942-1947 urteetan ere, Aljerian, Zeilanen eta Kanbodian hurrenez hurren. Afrikarekiko zaletasunak bultzatuta, 1948an Afrikara itzuli zen eta Togon aritu zen komandante gisa. Lehenengo bidaiatik bertatik, ahozko tradizioa eta datu antropologikoak eta historikoak bildu zituen, eta lotura handia izan zuen Atakora mendialdeko herriekin. 1956an idatzi zuen lehenengo lana, Histoire de l´Afrique des origines jusqu´à nos jours (Afrikako historia, hasieratik gaur egun arte). 1960an doktore tesia aurkeztu zuen, Histoire des peuples d´Afrique (Afrikako herrien historia). 1960an Afrikari eta itsasoz haraindiko lurraldeei buruzko dokumentazio eta ikerketa zentroko zuzendari izendatu zuten, Frantziako Dokumentazio erakundearen mende, eta 1985. urtea arte egon zen kargu horretan. 1961ean Afrique contemporaine aldizkaria sortu zuen. Bestalde, irakasle aritu zen hainbat unibertsitatetan, eta hainbat hitzaldi eman zituen Afrikari buruzkoak. Aldi horretan osatu zuen Histoire de l´Afrique (Afrikako historia), hiru liburutan banatutako lana. 1965. urtean Itsasoz Haraindiko Zientzia Akademian sartu zen, eta bertako idazkari egin zuten 1971n. Horrez gainera, Afrikan literatura eta antzerki frantsesari buruzko lanak argitaratzen zituen Frantses Idazleen Elkarteko presidente izan zen.