Kordoba
Espainiako hegoaldeko hiria eta izen bereko probintziako hiriburua (Andaluzia), Guadalquivir ibaiaren ertzean. 284.737 biztanle (1981). Apezpikutegia. v Ardoa eta garagardoa. Industriagunea (metalurgia eta kimika). Aireportua eta burdinbidegune garrantzitsua. Industria, merkataritza eta turismo hiri garrantzitsua. Zubi erromatarra, VIII-X. mendeetako mezkita (Karlos V.ak katedral kristaua bihurtu zuena), eliza mudejarrak eta gotikoak. v Historia. Tradizioaren arabera kartagotarrek sortu zuten Kordobako hiria. K.a. 169. urtean kolonia erromatar bat kokatu zen bertan eta K.a. I. mendetik aurrera erromatarrek Hispanian zuten hiri garrantzitsuenetako bat bihurtu zen (bertan sortu ziren Seneka filosofoa eta Lucano poeta, aurrekoaren iloba). Bisigodoen garaian aurreko mende haietako distira galdu zuen hiriak. 716. urtean arabiarrek Al-Andalus lurraldeko hiriburu bihurtu zuten. Handik aurrera, Kordoba oso hiri aberatsa izan zen luzaroan. 756. urtean Abd ar Rahman I.ak Kordobako emirerria sortu zuen eta Kordoba musulmanen esku zegoen Europa mendebaleko lurralde guztietako hiri nagusi bihurtu zen. X. mendean (929. urtean) emirerria kaliferri bihurtu zen. X. mende bukaeran 250.000 biztanle bizi ziren hirian. Kordobara bildu ziren garai hartan islamiar munduan ziharduten jakitun gehienak; 20 eskola baino gehiago sortu ziren eta munta handiko liburutegi bat zabaldu zen. XI. mendeaz geroztik kaliferria taifa erreinu edo erresuma txikietan banatu zen, eta hiriaren kultura maila erabat apaldu ez zen arren (bertan sortu ziren Aberroes edo Ibn Rushd filosofo arabiarra, 1126-1198, eta Maimonides edo Ibn Maimun judu jakintsua, 1135-1204), Kordobaren politika ahalmena erabat ahuldu zen. Fernando III.a Gaztelako erregeak Kordoba hartu zuenean (1236), hiriaren gainbehera hasi zen, eta berandu gabe galdu zuen arabiarren garaian izandako oparotasuna. XVII. mendean gosete handiak pairatu zituen (1652an bereziki). 1808-1810. urteetan, frantsesen esku egon zen. XIX. mende hasierako urteetan 20.000 biztanle zituen, 58.000 ehun urte geroago. Arkitektura. Kordobako monumentu ezagunena Abd ar Rahman I.a emirrak sortu zuen mezkita ikusgarria da. Abd ar Rahman II.ak, al-Hakam II.ak eta Hisham II.a kalifaren Al Mansur bisirrak handitu eta zabaldu zuten; munduko mezkita handiena da, Mekako Kaaba-ren ondotik. Fernando III.ak gurtza katolikora egokitu zuen mezkita. 1523. urtean aldare nagusia, santutegia eta kapera nagusia erantsi zizkioten jatorrizko eraikuntzari, Karlos V.aren aginduei jarraituz. Mezkitaz gainera, aipagarriak dira, halaber, XIII. mendeko San Lorenzo eliza, XIV. mendeko San Andrés eta San Pablo elizak, Alkazar Berriko hondakinak eta antzinako harresiak. Al-Mansur kalifak 978. urtean eraikiarazi zuen Medina Azzahara jauregiaren hondakinak daude Kordoba hiritik 5 km-ra, Kordoba la Vieja izeneko tokian.