Cordero Castaños, Juan
Gipuzkoar musikagilea (Elgoibar, 1927). Hamasei urte bete arte piano, solfeo eta harmonia ikasketak egin zituen Donostiako Kontserbatorioan, Ramon Usandizaga, Beltran Pagola eta Luis Urteaga irakasleekin. Zaragozan, arte ederretako ikasketak egiteaz gainera, piano, harmonia eta konposizio alorreko goi mailako ikasketak amaitu zituen. Scherchenen (Italia) orkestra zuzendaritza ikasi zuen, eta Jesus Guridi eta Conrado del Campo izan zituen konposizio irakasle Madrilen. Piano irakasle modura urte askoan jardun du eta hainbat orkestra zuzendu ditu, Tangerrekoa edo Bilbokoa esaterako. 1977. eta 1992. urteen artean kontrapuntu, fuga eta konposizio irakasle izan zen Bilboko Kontserbatorioan. Bertako zuzendari ere izan zen, bi alditan. Hainbat sari eskuratu ditu, Euskal Herrian nahiz atzerrian.