Coppola, Francis Ford
Estatu Batuetako zuzendari, produktore eta gidoigilea (Detroit, 1939). Kaliforniako unibertsitatean ikasi zuen, eta hasieran gidoiak idatzi zituen. 1962 urtean zuzendu zuen bere lehenengo filma: Tonight for sure!. Berak eginak dira Ameriketako Estatu Batuetako zinemagintzak eman izan dituen film mitiko eta handienetako batzuk. Bereziki aipagarriak dira Corleone familiaren bilakaera eta gorabeheren inguruko hiru filmak, Aitajauna (1972), Aitajauna II (1974) eta Aitajauna III (1990), non Sizialiatik Estatu Batuetara emigratu eta mafiaburu bihurtzen den lagun baten eta bere ondorengoen bizitzak kontatzen diren. Film beliko ikusgarririk ere Apokalipsia orain (1979) egin du, Vietnamgo gerra aitzakiatzat hartuta; amerikar gazteriaren egonezina azaldu zuen Arrain xurxularian (1983), eta musikal bikaina egin zuen Cotton cluben (1984). Porrot sonaturik ere –Bihozkada (1981) jasan izan du, eta horren ondorioz saldu egin behar izan zituen bere estudioak, eta hutsetik hasi berriro. Beste film hauek ere egin ditu: Dementia 13 (1963, dokumental luzea), Mutil handia zara jada (1967), Euria ari du nire bihotzean (1969), Peggy Sue ezkondu egin zen (1986), Dracula (1992), Jack (1996). Gidoigintzan ere egin du lan aipagarririk Patton (1970, Oscar saria eman zioten) baita produkzioan ere American graffiti (1973), Hammett, Chinatowngo gizona (1982).
- Copi
- Copiapo
- Copland, Aaron
- Coppens, Yves
- Coppi, Fausto
- Coppola, Francis Ford
- Copson, Edward Thomas
- copyright
- Coquimbo
- Coquimbo
- Corben, Richard Vance