Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Colorado

Estatu Batuetako hego-mendebaleko estatua, Rocky Mountains mendien ekialdean dagoena. Mugak: iparraldean Nebraska eta Wyoming, hegoaldean Oklahoma eta Mexiko Berria, ekialdean Kansas eta mendebalean Utah. 270.000 km2 eta 2.889.964 biztanle (1980). Hiriburua: Denver. Hiri nagusiak: Boulder (unibertsitatea), Colorado Springs, Pueblo eta Fort Collins (nekazaritza unibertsitatea).            
 v  Orografia. Coloradoko estatua menditsua da (2.500 m-koa da bertako mendien batez besteko altuera). Arkansas ibaiak zeharkatzen dituen ordokiak daude ekialdean. Erdialdea menditsua da: Rocky Mountains mendiek zeharkatzen dute estatu guztia ekialdetik mendebalera: Longs Peak, (4.350 m), Pikes Peak (4.308 m), Blanca Peak (4.405 m), Harvard, (4.384 m) dira bertako mendi nagusiak. Coloradoko Rocky Mountains National Park Estatu Batuetako parke natural ederrenetakoa da. Mendebalean, arroila ugari dituzten goi-ordokiak daude, Utah-ko eta Mexiko Berriko ingurunearen ezaugarri direnak (Mesa Verde National Park). v  Hidrografia. Garrantzi handiko ibaiak jaiotzen dira Coloradoko estatuan: Missourira doan Platte eta Mississippira doan Arkansas ibaiak sortaldean, eta Rio Grande, Colorado eta Green ibaiak sartaldean. v Klima. Klima kontinental lehorra da. Eguzkitsua. Tenperaturak gorabehera handiak izaten ditu, Colorado estatuko lurraldeen altueraren arabera. v Ekonomia. Ibarrak ureztatzeko bide artifizialak erabiltzeak aurreramendu handia ekarri dio nekazaritzari eta hainbat gai berri landu ahal izan dira bertan: laboreak, azukre erremolatxa, patata. Fruituak lantzen dira mendebalean. Abere hazkuntza mendialdean (behi eta ardi aziendak). Argi indarra sortzeko eta landak ureztatzeko ura duten dituzten urtegi handiak daude. Lurpea oso aberatsa da: urrea eta zilarra (meatze hauek erabat ustiatu eta hustu ziren 1880-1920 urteetan), mobdilenoa (Climax, 3.000 m-an dagoena, munduko mobdileno hobi handiena da), ikatza, petrolioa eta uranioa ateratzen dira. Janari industria, metalurgia, inprimategiak eta elektronika.  v Historia. XVI. mendean sartu ziren espainiar konkistatzaileak Coloradoko lurraldean; haiek izan ziren Coloradora iritsi ziren lehen europarrak. 1706. urtean, Juan de Ulibarri jabetu zen lur haiez Espainiako koroaren izenean. Estatu Batuek bere egin zuten Coloradoko iparraldea 1803. urtean; gainerakoa, Mexikorena zen aldea, 1848-1850. urteetan lotu zitzaion Estatu Batuen zatiari eta 1876. urtean Estatu Batuetako 38. estatu bihurtu zen.