Clausewitz, Karl von
Prusiako jenerala (Burg, Magdeburg, 1780 - Breslau, 1831). Prusiako gudarostearen antolaketa lanetan jardun zuen Scharnhorst jeneralarekin batera. Napoleonen aurka borrokatu zen, errusiarren gudarosteetako buruzagi zelarik lehenik eta Prusiako gudarosteko jeneral zelarik ondoren (Waterloo, 1812). 1818tik aurrera Prusiako gerra eskolako zuzendaria izan zen. Clausewitzek idatzi zuen Vom Kriege (Gerrari buruz, 1831) obrak, erabat aldatu zuen arazo militarrei buruzko pentsaera. Frantziako Iraultzatik aurrera ideologiak eta masa higikundeek hartu zuten garrantziaz jabeturik, «gerra ez da politikaren jarraipena baizik, nahiz beste bitarteko batzuez baliatzen den» esan zuen. Clausewitzen arabera, gerrarako konpromisoak armada ez ezik nazio osoa ere hartzen du; gerraren lehen helburua etsaiaren armada desegitea bada ere, bigarrena etsaiaren estatua deuseztatzea, estatu horretako jendea bitartekorik gabe uztea eta azken helburua bakea ezartzea da.