Ciudad Encantada parke naturala
Espainiako gune naturala, Cuencako probintzian, Gaztela-Mantxako Autonomia Erkidegoan. 250 ha-ko eremua hartzen du, eta 1929az geroztik interes naturaleko gunetzat hartu zen. Júcar ibaiaren arroan dago, Cuencako mendien hegoaldeko isurialdean. Parke naturalaren ibilbidean ikus daitezkeen korridore, forma eta ikuspegiengatik hartu du Ciudad Encantada izena. Inguru harritsua da, kareharriz, dolomitez, margaz eta hareharriz osatua. Landareei dagokionez, belardiak eta koniferoak (sabinak, larizio pinua eta ipuruak) dira nagusi. Gune garaiena 1.000 metrotik gorakoa du. Klimari dagokionez, neguak hotzak dira eta udak epelak, eta prezipitazioak urteko 800 mm-tik gorakoak izaten dira. Abere nagusiak katagorriak, basurdeak eta azeriak dira, ugaztunen artean, eta putreak eta arranoak, hegaztien artean. Dena dela, Ciudad Encantada parkearen gauzarik erakargarriena higadurak sorturiko forma bereziak dira. Kareharrian gertatzen diren higadura mota guztiak ikus daitezke bertan, eta baita eskualde guztian ere; gune natural horretan elkarren ondoan daude higaduraren ondorioen adibideak. El Tormo, el Convento, Los amantes de Teruel, la Ballena, Los Barcos eta el Mar de Piedra dira higadurak sorturiko irudi bitxi nagusiak.
- Cîteaux
- Citroën, André
- Citroën
- City
- Ciudad Bolivar
- Ciudad Encantada parke naturala
- Ciudad Guayana
- Ciudad Juarez
- Ciudad Real
- Ciudad Real
- Civitavecchia