Citroën
Frantziako automobil fabrikatzailea, PSA industria multzoko kidea. Citroën automobil markaren sortzailea André Citroën enpresa gizona izan zen. 1919an automobiletan espezializatzea erabaki zuen eta A modeloa sortu zuen; 1922an B2 egin zuen, 10 CVkoa. Enpresak, lehenengo urteetan, publizitatea izugarri erabili zuen bere etxea eta produktuak ezagutarazteko, esate baterako, Eiffel dorrean Citroën etxearen izena eta sinboloa jarri zuen. 1925ean altzairuzko karrozeriak egiten zituen eta produkzio sistema berriak erabiltzen hasi zen. 1934an harramaldi hartako modelo nagusietako bat sortu zuen, Citroën 7 A Traction Avant, 35 CVkoa; hura izan zen aurrealdeko trakzio ardatza erabiltzen zen lehenengo aldia. Arrakasta izugarria izan bazen ere, auto hura egiteko gastuak ere oso handiak izan ziren eta enpresak kiebra jo zuen. Etxearen sortzaile izan zenak bere lantegia utzi egin behar izan zuen eta Edouard Michelinen eskuetan gelditu zen. 1935ean 7 UA kaleratu zen, diesel motorra zuen Frantziako lehenengo automobila. 1949an 2 CV jarri zen salgai; oso automobil soila zen, aurretik egiten zutenaren aldean (DS 19 modeloa) oso bestelakoa, azken horrek oso diseinu berritzailea baitzuen. Beste modelo aipagarriak izan ziren 1970eko hamarraldiko CX edo 1990eko hamarraldiko XM. Modelo modernoen artean emaitza onenak eman dituen automobila 1986ko AX txikia izan da. 1974an, elkartearen arazo ekonomikoak zirela eta, Peugeot etxearekin bat egin zuen eta PSA taldea osatu zuten. Gaur egun talde horretako automobilek teknika soluzio berritzaileak erabili ohi dituzte eta sortu dituzten diesel motorrek ospe handia izan dute.