Cépède, Michel
Agronomo eta administratzaile frantsesa (Wimereux, Pas-de-Calais, 1908 - 1988). Ingeniaritza, geologia eta zuzenbidea ikasi zituen. Dena dela, bere karrera nekazaritzaren ingurukoa izango zen: nekazaritza ekonomiako irakaslea Nekazaritza Institutuan (1931), Nekazaritza ministerioko bulegoburu, zuzendariorde eta ikasketaburu (1944-1945), ekonomia eta soziologia irakaslea Nekazaritza Institutuan (1947), Elikagaiak eta Nekazaritza ministerio arteko batzordeko lehendakari, sozialisten garaiko hainbat ministeriotako batzordetako kide eta Klèber Loustau-ren kabineteko zuzendari (1956-1957), Nekazaritza ministerioko ekonomia ikerketetako eta plangintzetako zuzendari (1957-1959), gosearen kontrako kanpainiako Frantziako batzordeko lehendakari (1970-1985), Frantziako nekazaritza akademiako kide (1971). Gerra garaian preso egon zen eta bere tesia bukatzeko aukera izan zuen. 1943an Frantziara bidali zuten berriz eta Parisko altxamenduan eta Nekazaritzako ministerioaren askapenean parte hartu zuen. Ondoren, FAOren sorreran (Nazio Batuetako Elikadura eta Nekazaritza Erakundea) parte hartu zuen. Hainbat kargu izan zituen sindikatu sozialistan eta baita alderdi sozialistako zenbait erakundetan ere.