Centre
(Eusk. «Erdialdea»). Frantziako lurraldea, sei departamenduk osatua: Eure-et-Loir, Loiret, Loir-et-Cher, Indre-et-Loire, Indre, Cher. 39.000 km2 eta 2.371.036 biztanle (1991). Hiri nagusia: Orléans. Hiri garrantzitsuak: Blois, Bourges, Chartres, Châteauroux, Tours. Loira ibaiaren erdialdeko arroan dago, Massif Central mendialdearen iparraldean, eta Paris inguruaren hegoaldean. Lurralde laua da; klima eguzkitsua eta lehor xamarra (600-700 mm). v Demografia. 1.931.000 biztanle ziren 1891n; XIX. mende bukaerako urteetan, jende askok (217.000 lagun) jo zuen Parisa, hiri handiak erakarrita. Orduz geroztik, ordea, gorabehera demografiko handirik gabeko lurraldea izan da. v Ekonomia. Nekazaritzak garrantzia du Centren (Beauce eta Berry), lehen adinakoa ez bada ere: laboreak, garia; barazkiak eta mahastiak (Loire). Industria askotarikoa eta garrantzitsua da: autoak, aeronautika, argi indarra, kimika, kautxua, armak, jantziak eta janari industria. Hiru gune nagusi: Tours, Orléans eta Bourges-Vierzon. Industria eta zerbitzuen hedapena eta bide, hiri eta turismorako azpiegituraren sendotzea dira Centre lurraldeko hazkunde ekonomikoaren oinarriak.