Castejón
Nafarroa hegoaldeko udalerria Ebro ibaiaren ertzean (Tuterako merindadea). Mugak: iparraldean Valtierra, ekialdean Tutera eta Valtierra, mendebalean Alfaro (Errioxa), eta hegoaldean Corella eta Tutera. Altuera 273 m. 1998ko datuen arabera, 3.179 biztanle ditu (castejondarrak), aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ebro ibaia igarotzen da bertatik. Hizkuntza, gaztelania. Komunikabidegune eta burdinbidegune garrantzitsua da Castejon, Bilbo-Castejon, Zaragoza-Altsasu, Soria-Castejon burdinbideen lotunea baita. Langileen % 52 zerbitzuetan ari dira lanean, burdinbide zerbitzuetan nagusiki. Industria garrantzitsua: makineria, altzariak, industria kimikoa eta eraikuntzarako ekaiak. Nekazaritzak ez du Erriberako beste herrietan duen mailarik. Energiari lotutako egitasmo garrantzitsuak egin dira azken urteotan Castejonen, bi zentral termiko eraikitzen ari baitira bertan. v Historia. 1117an, Castelló izenaz jaso zituen hiriak bere foruak, Alfontso I.a Gudularia Aragoi eta Iruñeko erregeak emanik. Nafarroako hegoaldeko mugan, gorabehera handiak izan zituen, Nafarroa, Gaztela eta Aragoiko koroen arteko gerretan. XIX. mendearen hasieran, Castejon jendez husturik zegoen ia, baina 1860tik aurrera, burdinbide sarea antolatzen hasi zenean, berebiziko inportantzia jaso zuen, Bilbo, Iruñea-Altsasu, Soria eta Zaragozako trenak bertara biltzen zirela eta. 1927ra arte, Corellako auzoa izan zen. 1969. urtean zabaldu zen Ebro ibaiaren gaineko zubi berria.