Casalduero, Joaquín
Espainiar literatura kritikari eta saiakera idazlea (Bartzelona, 1903 - Madril, 1990). Gaztetan, Madrilen bizitzen jarri zen familiarekin, eta bertako Centro de Estudios Históricos-en literatura prestaketa sendoa jaso zuen. 1931n Ameriketara alde egin zuen, eta Northamptongo Unibertsitateko Smith Collegen (Massachusetts) Espainiar Hizkuntza eta Literaturako irakasle izan zen. Europara itzuli, eta Alemania eta Britainia Handiko unibertsitateetan ere jardun zuen irakasten. 1950ean Estatu Batuetara joan zen berriro, Kaliforniako Unibertsitatera. Espainiarekiko harremanak literaturari buruzko hitzaldi eta aldizkarietako eta egunkarietako lankidetza bidez izan zituen. Bere estetikaren metodologia hegelianismoari lotuta dago, eta estetika positibistaren kritikari handienetako bat izan da. Lan ugari argitaratu dituen arren, nagusiak hauek dira: Contribución al estudio de Don Juan en el teatro español (1938, Don Juanen azterketarako ekarpena Espainiar antzerkian), Sentido y forma del Quijote (1949, Don Kixoteren zentzua eta forma), Vida y obra de Galdós (1962, Galdósen bizitza eta lanak), Estudios sobre literatura española (1962, Espainiar literaturari buruzko azterketak), Creación literaria medieval y renacentista (1977, Erdi Aroko eta Errenazimentuko sorketa literarioak).