Carcani, Adil
Politikari albaniarra (Fushe-Bardha, 1922 - Tirana, 1997). Nazi-faxisten okupazioaren aurka borrokatu zen gaztetan gerrillari komunistekin, eta gerra amaitzean hainbat kargu izan zituen Albaniako gobernuan eta Alderdi Komunistan. Industria eta Meatzaritza ministro izan zen (1959), Lehen ministrorde (1965) eta Lehen ministro (1982-1991). Komunismoaren gainbehera zela-eta hainbat liberalizazio neurri erabaki zituen, alderdiak legeztatuz eta hauteskundeak deituz. 1994an lau urteko espetxe zigorra ezarri zioten, erregimen komunistako buruzagi izandakoen epaiketaren ostean. Etxean atxilotuta zela hil zen.