Cañón del Río Lobosko parke naturala
Espainiako parke naturala, Soriako probintziaren ipar mendebaldean (Gaztela eta Legongo Autonomia Erkidegoan). 9.580 hektareako eremua du eta Lobos ibaiaren bi aldeetara hedatzen da, ibaiak dituen 14 kilometroetan. 1985ean izendatu zuten parke natural, bere izadi baliabide garrantzitsuak zirela medio. Parkea egituratzen duen ibaiak Mesozoikoko kareharriaren sedimentuetan egin du bere ibilbidea, toki batzuetan 40 metroko garaierako hormak dituen arroila ikusgarria eratuz. Arroila nagusia eta bigarren mailako beste batzuk, zona horretako kareharrian gertatutako erosioaren adibide bikaina dira, baina beste era bateko fenomenoak ere aurki daitezke: torkak, dolinak eta hustubideak, esate baterako. Landareetan, miterra da nagusi, tarteka artearekin nahastuta, eta toki garaietan, berriz, larizio pinua erabili da basoa berritzeko. Belar usaintsuek osatzen dute sastraka, ezkaiak, oteak eta izpilikuak. Lobos ibaiak amuarrain ugari du eta bere ertzetan lertxunez, makalez, sahatsez eta haltzez osatutako basoak daude. Horrez gainera, parkeak oso fauna aberatsa du, hegaztiek (gehienak harrapariak: sai arrea, sai zuria, belatza eta hontz handia) eta ugaztunek osatua. Hori dela-eta, 1979an Hegaztien Babesleku Berezi izendatu zuten (ZEPA, Zona de Especial Protección para las Aves). Ibaiaren ibilbidean zehar hainbat ermita daude, baina nabarmentzekoa da parkearen hegoaldean dagoen San Bartolomerena, XII. mendekoa.
- Cantona, Éric
- Cantor, Georg
- Cantrell, James
- Cañardo Lacasta, Mariano
- Cañaveral lurmuturra
- Cañón del Río Lobosko parke naturala
- Cao Cao
- Cap de Long
- Capanaga, Martin Otxoa de
- Capanaga, Victoriano
- Caparroso