Cantigas de Santa Maria
Ama Birjinari eskainitako kanta multzoa, galegoz idatzia. 420 kanta dira, eta Gaztelako errege Alfontso X.a Jakintsuak bildu zituela uste da. 4 kodizetan gordetzen dira (El Escorial-en, Toledon eta Florentzian). Musika notazioa dute, eta XIII. mendeko ohiturak azaltzen dituzten miniaturez apainduta daude. Erdi Aroko musika bilduma garrantzitsua da, Europako musikaren sorreran Sortaldearen eragina ezagutzeko balio handikoa baita.