Cantar del Mío Cid
Gaztelaniazko literaturako lehen cantar de gesta edo Erdi Aroko poema epikoa. XII. mendearen erdialdekoa da; ezagutzen den eskuizkribua Per Abbat izeneko baten 1307ko kopia bat da, eta ez da osorik gorde. Bertan Alfontso VI.a Gaztelako erregearen zaldun izan zen Rodrigo Diaz de Vivar, Mío Cid-en abenturak kontatzen dira. Kritikariek Cantar-en benetakotasun historikoa ezaugarri nagusitzat onartu dute, besteak beste, pertsonaien eta egoeren taxukeragatik, xehetasun topografikoengatik, tonu eta kontaera errealistarengatik, eta poetaren eta bere heroiaren arteko denbora hurbiltasuna dela eta. Gaztelako epikaren adibidetzat daukate. Poema osatzen duten hiru ataletatik azken biak ordea irudimenezkoak dira, eta aditzera ematen dute lanaren ikusmoldea poetikoa dela funtsean. Nolanahi ere, Gaztelaren eta gaztelarren izaeraren eredu gisa egin zen ospetsu, eta beste cantar, kronika, balada eta drama batzuen jatorri izan zen.