Camacho, Marcelino
Sindikalista eta politikari espainiarra (Osma, Soria, 1918). Hamazazpi urte zituela egin zen UGT sindikatuko eta Espainiako Alderdi Komunistako (PCE) kide. Espainiako Gerra Zibilean Errepublikaren alde borrokatu zen. Gerra amaieran preso egon zen Tangerren (1940-41). Ihes egitea lortu zuen eta frantses armadan lan egin zuen 1957 arte. Espainiara itzultzean Perkins motor fabrikan hasi zen lanean, eta buru-belarri ekin zion sindikatuko lanari. Langileen Oposizio Sindikaleko (OSO) ordezkari izan zen lehenbizi, eta gerora Comisiones Obreras sindikatua (CCOO) eratu zuen, Julián Ariza eta beste zenbaitekin batera. Sarritan kartzelatu zuten frankismoaren garaian (1967tik 1972ra, 1972tik 1975era, 1976an) eta Franco hil ostean CCOOko idazkaritza nagusian jardun zuen. Diputatu izan zen PCEko zerrendetan, Madrilen 1977an hautatua Espainiako Parlamentuan, baita PCEko batzorde eragileko kide ere. 1987an utzi zuen CCOOko idazkaritza nagusia, eta sindikatuko presidente izendatu zuten.