Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Callao

edo El Callao. Peru mendebaleko hiria eta portua eta izen bereko herrialdeko hiriburua, Ozeano Barearen ertzean dagoena. Peruko lehen portua da. Hirialde bakarra osatzen du handik 12 km-ra dagoen Limarekin. 312.332 biztanle. Espainiarren kolonia izan zen garaiko elizak eta eraikuntza zibilak. Callao Peruko arrantza portu nagusia da, Chimbote Peru iparraldeko portuarekin batera, eta munduko arrain irin esportazio portu garrantzitsuena da. Ontziolak eta ongarri sintetikoak. Callaoko probintziak 74 km2 eta 443.413 biztanle ditu. v Historia. Espainiarrek sortu zuten El Callao 1540. urtean eta garrantzi handiko hiri bihurtu zen Limako itsas portua zelarik. 1746. urtean itsasikara batek suntsitu zuen erabat. Hiri berria zaharraren iparraldean eraiki zuten. Hego Ameriketako burujabetasunerako gerran, Callao izan zen espainiarrek galdu zuten azken hiria (1826). 1864an Espainiaren eta Txile-Peruen arteko gerra piztu zen. Bi urte geroago, Méndez Núñez espainiar almirantearen gerra ontziek El Callaori setio eman zioten baina ezin izan zuten hiria hartu, kalte eta hildako asko eragin zuten arren. Txileren eta Peru-Bolivien arteko gerran (1879-1882), txiletarrek hiria setiatu zuten 1881. urtean. Gerra amaitutakoan Peruko errepublikaren esku geratu zen El Callao.